Otondar artea
Otondar artea Europa erdialde eta hegoaldean 1000. urtearen inguruan izandako Otondar pizkundearen garaian garatutako artea da. Izena, bertako dinastia saxoiko lehen hiru enperadoreetatik datorkio, hirurak Oton izenekoak: Oton I.a (936–973), Oton II.a (973–983) eta Oton III.a (983–1002).
Otondar arteak X. mendearen erdialdetik XI.aren azkena bitarteko aldia hartzen du, denborari dagokionez, eta lurraldez, garai hartako Germaniako Erromatar Inperio Santuaren esparru bera.
Arkitektura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Otondar eraikinak karolingiar arkitekturan oinarritu ziren hasieran, baina bidea egin ahala bere estilo berezia garatu zuen. Garai honetako eraikin gehienak, denak ez esatearren, elizak edo monasterioak dira.
Aipatzekoak dira, bestalde, nahiz eta karolingiar eraginarekin alderatzekoak ez izan, bizantziar artearen noizbehinkako ukituak ere.
Gernrodeko San Ziriako
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Otondar arkitekturaren jatorrien erakusgarri bikainenetako bat 960-965ean eraiki eta oso egoera onean gorde den Gernrodeko San Ziriako eliza da. Erdiko habeartearen alde banatan heste bi habearte ditu, eta karolingiar estiloko gurutzadura batek bereizten du habeartea presbiteriotik. Mendebaldean, kontraabside zerbitzua egiten duen westwerk edo mendebaldeko sarrera du, eta ekialdean kripta goratu bat. Habeartearen euskarriak txandakatuak dira ; eliz balkoiak ere baditu eraikinak.
Hildesheimgo San Migel
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Otondar artearen garapenean oso paper garrantzizkoa jokatu zuen apezpiku mezenasen irudiak. Horietan ezagunena, beharbada, haren eraginez egindako arte lanen garrantziagatik, Bernward izan zen, Hildesheimgo gotzaina. Hain zuzen ere, Bernwarden enkarguz eraikitako Hildesheimgo San Migel eliza hartzen da otondar garaiko arkitekturaren obra gorentzat.
Eraikinaren oinak, bere bi koruak eta alboetako ateak direla medio, Sankt Gallen monasterioa gogorarazten du. Baina simetria askoz harantzago eraman zuten San Migelen : bi transeptu berdin-berdinak izateaz gainera -bakoitzak gurutzaduran bere dorrea eta eskaileradun dorretxoak dituela-, erdiko habearteari eusten dioten zutabeak, denak berdinak izan ordez, ebaketa karratuko pilareak eta bi zutabe biribileko multzoak dira, txandaka. Txandakatze sistema horrek hiru banako berdinetan banatzen du arku begia, bakoitzak hiru hutsarte dituela ; lehenengoan eta hirugarrenean elizarako sarrerak daude, era horretan transeptuen ardatza islatzen dela. Bai alboetako habearteak eta bai erdikoa, itxura gabe zabalak dira luzeraren proportzioan. Badirudi Bernwarden asmoa eraikin osoaren luzetarako eta zabaletarako ardatzen oreka lortzea izan zela.
Elizaren kanpoko aldeak eta koruek oso bestelako itxura hartu zuten geroztik egindako berrikuntzen ondorioz, baina habeartearen barru zabalak, bere arku arteko horma eta leiho handiekin, hasierako itxurari eutsi zion, harik eta Bigarren Mundu Gerran erraustu zuten arte.
Eskultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nahiko urriak dira gaur arte iraun duten otondar garaiko eskultura lanak. Aipatzekoak dira, horien artean, Regensburgeko estatua gutxi batzuk eta beste hiruzpalau erliebe (Werden an der Ruhr, Munster). Baina garai hartako eskultura gogoangarriena, zalantzarik gabe, Geroren Kristo gurutziltzatua da.
Geroren gurutzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Geroren gurutzea deitzen zaion Kristo gurutziltzatuaren irudiak berrikuntza asko ekarri zituen mendebaldeko eskulturgintzara : eskala handian egin zuten, forma biribilak ditu eta sentipen sakonez adierazita dago Kristoren oinazea. Bereziki deigarria da gorputzaren aurrera aldeko astuntasuna, zeinak errealismo ia jasanezina ematen baitio beso eta sorbalden tenkatasun bortitzari. Aurpegia, hazpegi gogorrekoa, mozorro bilakatu du agoniak, eta bizitzaren zantzu guztiak galduak ditu.
Nolaz iritsi ahal izan zuen otondar eskultoreak hain emaitza ausarta? Ez da ahaztu behar Kristo gurutziltzatuaren irudikapena Bizantziar artearen bigarren urrezko aroko sorkuntza izan zela. Eta ez da hain harrigarria ere Bizantziok garai hartako Germanian eragin nabarmena izatea, kontuan izan behar baita Oton II.a bizantziar printzesa batekin ezkondu zela, eta beraz, zuzeneko lotura zegoela inperio bietako gorteen artean. Otondar artistaren lana izan zen bizantziar irudi txiki eta aurpegiera atseginekoan inspiratzea eta eskala handiko eta errealismo adierazkorreko eskultura indartsu hori ateratzea.
Aldareak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hala ere, askoren iritzian, aldare aurrealdeetan iritsi zuen gailurra otondar urregintzak. Bi gailentzen dira beste guztien artetik, Aachengo katedralekoa eta Basileakoa, azkeneko hau Pariseko Cluny museoan gordetzen bada ere. Aachengo aldare aurrealdearen erdian, Kristoren irudia ageri da bere handitasun guztian, eta Itun Berriko pasarte multzo batek hartzen du haren inguru guztia.
Basileako urrezko aldare aurrealdea 1120 inguruan egin zen, eta Henrike II.a enperadoreak katedralari eginiko oparia da.
Bost arkupe ditu : erdikoan, Kristoren irudia ageri da, gainerakoak baino handixeagoa, eta beste lau irudiak San Benitorena eta hiru goiangerurenak dira. Kristoren oinetan, berriz, Henrike II.a eta haren emazte Kunegonda daude irudikatuta.
Hildesheimgo brontzezko ateak eta Bernwarden zutabea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ez dira ahaztuta uztekoak, bestalde, otondar garaiko brontzegileen lanak. Garai hartako brontzelanen artean ospetsuena, eta, segur aski, artearen ikuspegitik aberatsena, Hildesheimgo ate handiak dira. Gorago ere aipatu den Hildesheimgo Bernward apezpikuak eginarazi zituen San Migel elizarako, eta 1015ean amaitu ziren. Baliteke ideia Erromara egin zuen bidaldian bururatzea, ez baita harritzekoa han erromatarren eta bizantziarren garaiko brontzezko ateak ikusi izana. Ateak atal bakarrekoak dira, eta irudikatuak dauden Bibliako pasarteak, ez daude, brontzezko ate klasikoetan bezala, goitik behera antolatuta, zerrenda horizontal zabaletan baizik, karolingiar garaiko Biblia handietan bezalatsu.
Bernwardek eragindako beste monumentu gogoangarri bat brontzezko zutabea da. Kristoren bizitzako pasarteak ditu zutabean kiribilean garaturik, eta badirudi Antzinate beranduko garaipen zutabeetan inspiraturik egin zutela.
Urregintza eta metalgintza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urregintzaren alorrean, Erdi Aroko artelan distiratsuenen artean sartzen dira otondar eskulangileen lantegietatik ateratako zenbait obra. Esandakoaren froga argiak dira gaur arte gorde diren Quedlinburg, Hildesheim, Essen, Aachen, Trier eta Regensburgeko altxorrak, eta Vienako altxor inperial miragarria. Gurutze, erlikia ontzi, aldare aurre, eta liburu azaletan ikusten da otondar garaiko urregileek zenbaterainoko teknika landua zuten grabatuak, mailu lanak, zizelatuak, filigranak, eta esmalteak egitean, eta nola kokatzen zituzten harri bitxiak euskarri ikusgarrietan. Antzinakoenak Oton II.aren biloba zen Essengo Matilde abadesak eginarazitako urrezko gurutzeak, Aachengo "Lotarioren gurutzea" (1000 ingurukoa), eta Vienako altxorreko gurutze inperiala dira, 1030 aldera altxorreko erlikia handiak gordetzeko egina, hain zuzen ere. Liburu azalen artean aipatzekoak dira Oton III.aren eta haren emazte Teofanoren aginduz Trierko hirian egindakoa (Nurenbergen dago), eta Henrike II.ak Bambergeko katedralari oparitutako liburuen azalak. Kontuan hartzekoak dira, orobat, Vienako altxorrean gorde den koroa inperiala eta otondar enperatrizenak izandako lepoko eta gainerako bitxiak.
Pinturak eta miniaturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dena den, otondar arteari Europa guztiko aitzindaritza eman ziona, batez ere, testu sakratuetarako egindako apaingarriak eta miniaturak izan ziren. Hala, otondar garaitik geratu zaizkigun margolanak oso bakanak diren bezala, liburu irudiztatu mordoa gorde da, garai hartako monasterioetako scriptorium-etan egiten zuten lan bikainaren erakusgarri. Otondar artearen arlo honetako sorkuntza nagusiak ebanjeliario eta sakramentarioak apaintzeko margotu zituzten Itun Berriko pasarteak dira. Miniatura lan horietan hiru eragin nagusi antzematen dira : Antzinate beranduko artearena, karolingiar artearena eta Bizantziokoarena.
Reichenauko eskola
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Konstantzako aintziraren erdian dagoen Reichenau uhartean dago izen bereko abadetxea. Oton Handiaren garaian egituratu zen eskola gisa eta inperioko ilustrazio gune garrantzizkoenetakoa izan zen X. mendearen azken laurdenetik aurrera. Garaitsu hartan, uharteko eliza eta monasterio guztiak horma irudiz apainduak zeuden. Geratzen diren bakanetako batzuk Oberzelleko San Jurgiren elizan daude. Elizako habeartean Kristoren bizitzako pasarteak daude margotuta, eta apaingarrien antolakuntzak eta irudien itxurak geroago etorriko zen pintura erromanikoa iragartzen dute.
Roudmann abadearen (972-984) zuzendaritzapean bizi izan zuen Reichenauko ilustrazio eskolak bere aldi distiratsuenetako bat. Garai hartan argitaratu zuten Egbertoren kodizea deitzen zaion obra ospetsua Trierko Egberto artzapezpikuarentzat, zeinak hiri hartako San Paulino elizari oparitu baitzion. Ebanjeliario bat da eta eskaintza orrialdean Egberto bera ageri da Kerald eta Heriberto monjeen artean eserita.
Reichenautik ateratako beste eskuizkribu sail bati Ebrrrrrarrt sailekoak esaten zaie, izen hori baitzuen artistetako batek. Lan hauen ezaugarri nagusia landare irudi aberatsez apaindutako hasierako hizkiak dira.
Multzo horretan sartzen dira Geroren kodizea eta Heidelbergeko sakramentarioa.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik hartu da. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.